Hiru Handiak by Eneko Martin

2014/07/02



Aurreko astean Jon Keparen Hiru Handiakeko kronika zuenagan ekarri genizuen. Ez zen bertan parte hartu zuen taldekide bakarra izan, Mario, Alvaro eta Eneko ere bertan izan ziren. Ia gustoko dituzuen Enekoren bizipenak:

Hiru Haundiak 2014·06·14
Eneko Martin

Orain dela aste gutxi ApukoExtrem-eko laburpena egin nizuen, eta oraingoan Hiru Haundiakekoa.

Hiru Handiak 100 km.-troko mendi lasterketa da. Besteen artean Gorbea, Anboto eta Aizkorri 3 mendiak igo behar dira. Guztira bost mila metro baino zertxobait gehiago igo behar dira, beste horren beste jaitsi. Bi urtetan behin egiten da eta mota honetako lasterketen aintzindaria izan da. EH.-ko mailan erreferentzia nagusiena. Nik neuk aspaldi neukan parte hartzeko nahia.

Arratsaldeko seiretan geldituta geunden Alonsotegin Araiara joateko. Bertan, hurrengo egunean helmugaratu behar ginen. Dortsala hartu eta bestelakoak egin, ondoren zeozer afaldu, eta azkenik, gaueko 22:30tan autobusa hartu genuen Ondategi-ko irteerara joateko. Bazen giroa Ondategin, 1.700 korrikakalari eta mendizalek gainezka egiten zuten. 

Lagunen artean afaltzen

Irteeran lasai nengoen, konfidantza nuen nire buruarengan. Apuko Extrem-ek ezin  zapore hobeagoa utzi zidan eta azken asteko entrenamenduak beste horren beste, beraz... Topera !!
Aukera ezin hobea izango zen nire maila ezagutzeko. Hortaz, ausarta izatea erabakita nuen.

3,2,1... Hamabiak, bagoaz !!!

Hasiera arina egin genuen, jende pilaketa saihesteko nahian. Errepide zati baten ondoren lehenengo aldapak, Gorbeiara daraman Murua bidean. Laister baten urrunean somatu genituen tontorreko argiak. Haizea zakar zebilen arren, igoeraren azken metroetan jendeak osatutako korridorea zeharkatzea hunkigarria izan zen.
Ordu eta erdi pasata zegoeneko eta Lehenengo Haunditik behera gindoazen....Korrikalariak, apurka-apurka, gaueko lasaitasunean sakabanatzen joan ginen.
Ubidean, kontrola eta herritarren animoak. Maldatxo bat pasa eta Otxandio herria zeharkatu ondoren frontoian minutu batzuk atseden hartu nuen jan eta edateko. Zegoeneko 27 km, eta jarritako erritmo alaia nabarmentzen hasi zen. Hotza sentitu orduko, jarraitzeko momentua.

Urkiola bidean bakar-bakarrik. Ibilbidea markatzen zuten makiltxo fluoreszenteak segiduan agertzen ez zirenean ... na,na,na! Urduritasuna. Urrunean zuhaitzetatik zintzilik begiztatuan, Uff!!!,  hasperen txiki bat. Okerreko bidea hartzeari beldur nion.

Gorbeiara bidean, Alvaro lagun nuela


Iluntasunean frontala lagun, “bidea inoiz baino gehiago ibilitakoan egiten da”. Machadoren hitzak buruan nituela  bapatean Urkiola. Bertan, kontrola eta hurbildutakoen animoak. Anboto, hiruetatik Bigarren Haundia gero eta gertuago. Aski ezaguna ditut inguru horiek, tipi-tapa lasaiunean murgilduta.

Basoa bapatean ireki zen eta hor goian, gauean zintzilik, argi lerroaren dirdira agertu zen.

Anbotoko azkenengo metroak leku beretik igo eta jeitsi behar genuen. Horregatik, derrepentien, lasterkidez inguratuta nengoen berriro. Aurten ez genuen tontorretik pasatu behar. Metro batzuk lehenago buelta egiten zen arriskuak sahiesteko nahian edo. Nik metro horiek aurreztea eskertu nuen, makal nihoan haitzen artean.

Jaitsieran kontuz!!! Neramatzan zapatillak goxoak ziren, bai baina, goxoegiak agian bide malkartsu honetarako. Are gehiago, buruan gau-pasa dakarren moskorraldia sumatzen nuenean.
Lehenengoan ez, bigarrenean ezta, eta hirugarrenea, zapla!!!
Irrist egin eta masailezurrean bete-betean haitz baten kontra kolpe hartu nuen. Bildurtu nintzen une batez. Zorionez, masailezurra ondo zegoen eta hortz guztiak bere lekuan nituen. Aho barrukaldean zauria odoletan nuen. Okerrago izango zelakoan egon ondoren, gaitzerdi. Korrikalari bat baino gehiago niregana arduratuta hurbildu izana eskertu nuen.

Kolpea eta logurea, biak bat eginda


Anboto azpian Gurutze Gorriko kideak zauria begiztatu eta garbitu zidaten, eta segiduan, aurrera... egunsentia laister baten etorriko zen eta Landa nuen hurrengo helburua. Urkiola parkea atzean uzten nindoan Orisol-ko basotik indartzen zihoan egunsentiko argi magikoaz ezin disfrutatuz. Oraingoan, Urkiolako inguruak mikatz suertatu ziren.

Goizeko 8ak inguru Landan nengoen, 60km-a. Hortxe mendiko makilak, janaria, aldatzeko arropa eta beste batzuk zain nituen. Etenaldia, jan eta edan... Eta nahitaez kontuak egiteko parada.
Bat, belaunak aldapan bera ez doaz ondo. Aurreko astetan egindako intentsitate lana gehiegizkoa izan zela xuxurlatzen ninduten belaunek.
Bi, ehun km.-tan, onartu nahi ala ez, badago denbora soberan zure maila emateko. Hobe lasaiago hasi izan banu.
Hiru, mina larririk gabe amaitu nahi banuen, planak aldatu behar nituen. Alde batetik, ardura hartu jan eta edaterakoan, eta bestetik jaitsieretan belaunak zaindu.
Horrela agindu nion neure buruari. 45 minuturo jan eta edan fundamentuz. Bidea martxan jateko deseroso zenean jesartzen nintzen pare bat minutu ...eta listo!.

Luzea izan zen Aizkorrirako bidea. Haize-erroten burrunbaren soinua belarrietan. Begietan berriz, ikusi ahal zenuen baino urrunago errotek mendi lerro leuna marrazten zuten. Linbo-an harrapatuta. Buruan, behin eta berriro, “Ze ostia egiten duzu hemen, mutil??? Redios!!!

Nahitaez, pausoz-pausoz, Aizkorri gero eta hurbilago zegoen. Eta azkenik hor aurrean neukan Hirugarrena, amaiera eskura nuelaren berri. Bidea, berriro ere,  aspalditik ezaguna.

Tontorra zeharkatu, eta helmugaraino beherakor bidea. Belaunak gogoan izan nituen eta azkenengo km.-ak nahi nuen baino astiroago egin behar izan nituen. Kar,kar,kar...!!! Makilez lagunduta marmarka egin nuen Araiara.
Nonbait gustora banabil aldapan behera izaten da, ume baten antzera, irrifarra aurpegian margotuta. Oraingoan ez zen horrela izan. Atzetik aurrera entzuten nituen korrikalarien pauso hotsak aurreratzen zidatenean. Kaguen to...  y en ...!!! 

Helmugaratzen


Araia herriko zeharkaldia korrika apur bat egiteko harrotasun beste izan nuen nonbait. Hala ere, negar-zotinka egiteko nahi eta ezinean helmuga gurutzatu nuen 15 ordu eta 25 minutu ondoren, berrehun lehenengoen artean.

 Emozioa gainezka


Denbora eta postuarekin konforme naiz, baina burutako erarekin ez horren beste. Asko sufrituta eta oroimena gazi-goxoa nire aurtengo azkenengo helburuan.




0 comentarios:

Publicar un comentario

 
enkarterri triatloi © 2012 | Designed by Bubble Shooter, in collaboration with Reseller Hosting , Forum Jual Beli and Business Solutions